XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lege zaharreko gizonek uretara hainbat salto eginikako zubia.

Ondarruko jai guztiak antolatzen diren Ondarruko leku honetan Ondarrutar guztien oihartzunak entzuten ditu.

Bidea jarraituz, urdinez jantzirik eta jarlekuz beterik dagoen zumardia ikustatzen du.

Bapatean, elizako hamabi kanpaiak entzuten dira eta ehiztariak tiroz jaurtiriko txoriaren bila txakurra soltatuko balute bezala, itsasoaren garaile diren urdinez jantziriko gizontxo haiek ibaiaz batera dihoaz beherantz.

Kaia bistaratzen denean Artibaik sentitzen duen askatasuna ezin da deskribatu.

Baina bai bere lagun Patxik.

Bi hauok anaiak ditugu.

Lehenengo hondartza txikia zeharkatzen du, hainbat su egin eta horren ondorioz hondar beltza duen hondartza hura edo hori.

Baina hau bere askatasunaren lehen garaiketa izan da.

Lehen ezkerreko aldetik zituen gizontxoak lagun, eta orain aldiz, eguzkiak dir-dir dariolarik emakumeak haurrak eskuetan dituztela ibaiaz batera dihoaz beherantz, eskuinetik.

Patxiren ama kaian ikusi du sare josten, eta haren aurpegiko begietara begiratuz tristura sartu zaio.

Baina itxasoa du dehiadarrez eta ezin du bere hankek daramaten abiadurarik gelditu.

Zerk erakartzen du horrenbeste? Nora dihoa? Bapatean, ez daki orain arte espero izan duen zerbait horri hurreratu nahi zaion edo ez.

Zerk arazi dio zalantza hau? Baina zurrunbilo batetik irten izan balu bezala sentitzen hasten denean, zalantzak joan dira, lasaitasuna sentitzen du, handitasuna, garaipena, edertasuna miresten du, atzematea...

Saturraneko haitz mugikaitz hoiek diotena itsasoaren eskaria da.

Patxiren amarentzako erantzuna bidaltzen du hainbat olatu hondartzan apurtuz.

Beste ur batetan bihurtu da, ur hau da itxasgizona zaintzen duena; berak babestuko du Patxi.

Orain ulertzen du zer den neke-lasaigarri hori.

Orain, Ondarrutar itsasgizonek heuren odola, bizia, arima, ohorea eta itxaropena uzten duten itsasoko ur odoleztatu eta kutsagabe horretara heldu denean....

Ezagutu ez balu ez zuen sekulan sentimentu hori zer den ulertuko: itsasoak egiten duen erakarpen indarra norbere biziaren babesle izatea da.